viernes, 19 de abril de 2013

MADRILERA BIDAIA: 3. EGUNA



Joan den apirilaren 13tik 15era Madrilera bidaia egin genuen Proiektuak II irakasgaiarekin, gure azkeneko ariketari buruz ideiak bil genitzan.


Astelehenean Madriletik etxerako itzuleran zeuden ardogintzari buruzko bi erakin bisitatua genituen.

“Denominación de Origen Ribera de Duero” bulegoak izan zen lehena. Itxura bitxia zuen eraikinak, erakargarria, baina “El Campo de la Cebada” ikusi ondoren, nire ustez, obra praktiko bat baino itxurakerietan erortzen zen eraikina zirudian. Espazio asko zegoen galduta eta itxurak garrantzia hartzen zuen uneoro. Hala ere, ikusgarria zen, leiho bitxiak zituen, gela zabal eta gardenak, eta ikuspegi bikainak. Asko gustatu zitzaidan helarazten zuen dotorezia sentsazioa.


Jarraian Porti bodega ikustera joan ginen. Oso upeltegi dotorea zen, handia eta garbia, eta ardoaren prozesu guztian gardentasunaren eta ondo zaindua zegoenaren sentsazioa helarazten zuen etengabe. Oso ondo pentsatua zegoen dena, praktikoa zen, eta bertako ingurunean ondo txertatuta zegoen. Bidaiatik gehien gustatu zaidan erakina izan zen. 


 
 


MADRILERA BIDAIA: 2. EGUNA



Joan den apirilaren 13tik 15era Madrilera bidaia egin genuen Proiektuak II irakasgaiarekin, gure azkeneko ariketari buruz ideiak bil genitzan.


Igande goizean “El Campo de la Cebada” izeneko plazara egin genuen bisita. Gure Trinitate Plazako ariketarekin zerikusi handiena zuen egonaldia izan zen. Bertan auzotarrek eta arkitektoek elkarrekin kudeatutako plaza bat ikusi genuen eta bere eguneroko bizitzaz informazioa jaso genuen. Niri hasieran ez zitzaidan oso erakargarria egin, nahiko eszeptiko igaro nuen obretakoa zirudien burdinazko hesia eta bukatu gabekoaren itxura zuen hormigoizko malda jaisten hasi ginenean benetako plaza non zegoen galdetzen nion neure buruari. Baina goiza han pasa ondoren, orduak joan ahala, plaza horrek duen bizitza, koordinazioa, askatasuna errespetua eta batez ere, borondate ona ulertzen hasi nintzen. Auzotarrek beraiek eraikitako eta antolatutako plaza zen haien beharrak eta nahiak asetzeko, hemengo plazek eta parkeek egiten ez duten bezala. Asko gustatu zitzaidan, eta nire proiekturako ideiak zabaldu dizkit, bereziki garai bateko erakusketa horma izan zen bankuak.
 
 
 
 
 

MADRILERA BIDAIA: 1. EGUNA



Joan den apirilaren 13tik 15era Madrilera bidaia egin genuen Proiektuak II irakasgaiarekin, gure azkeneko ariketari buruz ideiak bil genitzan.

Larunbatean iritsi eta zuzenean Reina Sofia Museora joan ginen bertan Cristina Iglesias zegoen erakusketa ikustea. Berezia zen, material bitxien bidez espazioak sortzen zituen. Naturako elementuak agertzen ziren askotan, urarekin nahastuak. Ez nuen esanahia oso ondo ulertu, baina bisualki atsegina zen. Gehien gustatu zitzaidana lurrazaleko zartadura bat zirudiena izan zen, bertatik ura atera eta atera zebilena. Gero, Picassoren  “Guernica” koadro entzutetsua ikustera joan ginen; oso ikusgarria. 

Ondoren, Mataderora joan ginen. Hiltegiak bere funtzioa galdua zeukan aspaldi eta zentro kultural gisara erabiliak zeuden garai batean Mataderoa osatzen zuten pabilioiak. Batzuetan interbentzioa garrantzitsuagoa zen, beste biltegi batzuk ez ziren ia ukituak izan. 


Azkenik, Tabakalera ikusi genuen. Eraikina bi zatitan zegoen: bata auzotarrek kudeatutakoa eta gobernuak kudeatutakoa bestea. Interesgarria izan zen bi eremuen konparaketa. Auzotarrena ez zegoen oso zaindua eta anarkiko xamarra zen; gure herriko Gaztetxe bat zirudien. Gobernuarena, berriz, museo antzera zegoen antolatuta eta nahiz eta eraikinean interbentzio gutxi egin, txukun zeukaten jarria. Ikusgarriak iruditu zitzaizkidan erakusketan zeuden argazki batzuk. 


jueves, 11 de abril de 2013

ASTE SANTUA: BENIDORM



Aste Santuan Benidormen pasa ditut oporrak eta bertako arkitektura aztertzen saiatu naiz noizbehinka.

Leku faltarengatik, higiezinen burbuilarengatik edota eskaera handiarengatik hiri honen ezaugarri nagusia edonon ageri diren etxe-orratzen multzoa da. Nahiz eta nahiko era kaotikoan egon, denak itsasoari begira eraikita daude, ikuspegi ederrak izateaz gain, norabide horretan baitago hegoa. Hala ere, bata bestearen gainean pilatuta egotearen sentsazioa helarazten dute batzuetan.

Eraikin gehienek bi fatxada mota dituzte: hegoaldekoa, terraza, leiho edota balkoi handiekin, eta iparraldekoa, atzeko fatxadaren itxurakoa, leiho txikiz betea eta asko gure herrian gutxi ikusten diren kanpoko larrialdietarako eskailerekin.

Fatxada nagusi askok aldaketak jasan dituzte denboran zehar, bizilagun bakoitzak bakarkako erabakiak hartu baititu bere terraza, balkoi edota leihoetan: balkoiak itxi; kolore eta forma ezberdinetako toldoak jarri, eta arropak zintzilikatzeko tramankuluak instalatzea, besteak beste.

Benidrom dentsitate handia duen hiria da. Jende asko jasotzen du urtean zehar eta horrek etxe-orratzen sorrera dakar. Bere kaleetatik ibiliz gero ohikoa da hango eraikinen altuerarekin, aniztasunarekin eta bertako dentsitatearekin harritua eta inpresionatuta gelditzea. 

 

miércoles, 10 de abril de 2013

3. ARIKETA. HABITATA HIRIAN: EMAITZA



Ariketa honen helburua hirian bertan habitat bat sortzea zen eta hiru toki eman zizkiguten aukeran gure habitata garatzen hasteko. Arkitektura, Enpresaritza eta Irakaskuntza eskolek osatzen duten plazan egitea iruditu zitzaidan egokiena, beste bi lekuek ez baininduten konbentzitu eta gainera toki argitsua eta itxurosoa zen. bertan hiru dorretxo zeuden eta horiek gure proiektuan integratu behar genituen. Horretaz gain, ez genituen jendearen ohiko pasabideak.


Proiektuaren ideia nagusia zintzilik zegoen eraikuntza egitea zen, lurra ia ukituko ez zuen habitata egitea, jendeak behean orain arteko ekintzak eta pasabideak egiten jarrai zezan. Beraz, alde batetik zintzilik geldituko zen hormigoi armatuzko bi estalki sortzea pentsatu zen, Alvaro Sizak 98ko Lisboako Expoko Portugaleko pabilioiaren ideia jarraituz, Enpresaritzarik Irakaskuntza eskolara joango zirenak, bata bestea baino altuago. Eraikinaren lurra, berriz, airean zegoen plataforma handi bat izango zen, erabat irekia, horma opakorik gabekoa, espazio jarraitua sortuz kanpoan egotearen sentsazioa lor zezan. Plataforma hori hango dorretxoak inguratzen zituzten zutabeez zegoen eutsia, Toyo Itoren Sendaiko Mediatekako zutabeak gogoraraziz. 


Espazio pribatuak; hots, bainugela, komuna eta hiru gelak, plataformaren gainean ezarritako moduluen bidez  sortu ziren. Komuna iparraldera begira jarri zen; hau da, plazari begira, eta logelak, berriz, ekialdera, goizeko eguzkia har zezaten. Moduluek orden bat jarraitzen duten, baina bakoitzak bere bariazioak dauzka alturan, forman eta leihoen konposaketan. Horrela, eraikinaren kanpoko ikuspegi ezberdinetatik itxura desberdina du habitatak. 
 

Terraza hegoaldean aurki daiteke, eguzkia erabat aprobetxa dezan. Habitatera iristeko eskailerak, aldiz, erdiko zutabeen artean daude, erdi ezkutatuta, eta dorretxoaren inguruan mugitzen dira. 


Beirateak dira habitata mugatzen dutenak, baina gardenak izanik, kanpoan egotearen sentsazioa nabaria da. Plataforman; beraz, espazio bersatil zabala gelditzen da, lanerako, egoteko, sukaldatzeko edota nahi den beste edozein ekintza egiteko, habitatean une horretan bizi direnen gustura. 


Kanpotik habitatak airean dagoen sentsazioa helarazten du, ondoko bi eraikin handi eta finkoetatik zintzilik. Oso gardena da, baina daukan altueragatik, era berean, diskretua ere bai.   


 Hona hemen planoak: oinak, ebaketak, altxaerak eta marrazkiak:




domingo, 7 de abril de 2013

ALVARO SIZA: 98KO LISBOAKO EXPOKO PORTUGALEKO PABILIOIA



Gure hiriko proiektuarentzat ideien bila gabiltzala eta irakasleak lagunduta, beste obra batekin topatu gara: Sizaren 98ko Lisboako Exporako Portugalen pabilioia. 

 

98ko Lisboako Exporako Portugaleko pabilioia egiteko Siza arkitektoari eman zitzaion proiektua. Pabilioiak Portugalen isla izan behar zuen, portugaldarrek itsasoarekin zuten konpromiso, garrantzia eta historia helaraziko zuena.  

 

Eraikinaren funtzioa behin-behinekoa izango zen, Expoaren ondoren oraindik erabaki gabeko funtzio bat emango baitzitzaion. Horretaz gain, erreferentzia solidoen gabezia zegoen zonaldean, proiektuan eragina izango zuena.

 
EGITURA

Obraren zatirik esanguratsuena eta gure proiekturako interesgarri zaiguna espazio estalia tapatzen duen pergola handia da. Eraikinaren egitura funtzioa egiten du, hormigoi armatuzkoa da eta 20 cm zabal da. Zuriz dago margotua eta altzairuzko kablez eutsia dago, azken horiek armatu gisa egiten dute lan. Pergola eta hori eusten duten bi bloke handien artean tarte bat dago eta handik argia sartzen da. 



TOYO ITO: SENDAIKO MEDIATEKA



Gure hiriko proiektuarentzat ideien bila gabiltzala eta irakasleak lagunduta, Toyo Itoren Sendaiko Mediatekarekin topo egin dugu. 

  


  

Sendaiko mediateka, Royal Institute of British Architects (RIBA) erakundeak 2006an Urrezko Domina eman ziona, zentzu askogatik izan da goraipatua: egituraren berrikuntzagatik, funtzionaltasun aniztasunagatik eta Sendaiko herritarrei egin dien eraginagatik, besteak beste. Baina agian eraikuntzaren ezaugarri garrantzitsuena eraikinak helarazten duen gardentasunaren eta birtualtasunaren arkitektura da, norabide askotara jotzen duena, gaur egun bizi garen mundu informatikoaren erakusgarri.


Eraikina mediateka bat da; hots; liburutegia, interneteko guneak, DVDentzat eremuak, galeriak, kafetegiak eta abar dituen eraikina. Bertan argia eta espazioa dira nagusi.

Mediatekaren aurrean zuhaizti bat dago. Eraikinak zuhaiztira ikuspegiak dauzka eta bertatik hartzen du egituraren funtsa.
 

EGITURA

Egitura hiru elementuetan datza: plataformak, zutabeak eta azala. Gure proiekturako Toyo Itoren zutabeak interesgarriak iruditu zaizkigu. 

 

Sendaiko mediatekan egitura funtzioa duten 13 zutabe daude. Altzairuzko tutuz eta beiraz estalita eginak daude zutabeak, eta okertutako egitura organiko bat bailiran, plataformak eusten dituzte sabairaino iritsiz.

Eraikuntza osoan zabalduta daude eta forma, diametro, inklinazio eta dimentsio desberdinekoak dira. Horretaz gain, eraikinaren barrua argiztatzen dute. Zutabeek bere barnean igogailuak eta eskailerak dituzte, mediatekako solairu ezberdinak komunikatzen dituztenak.

 

Itxura ahul eta iragazkorra eman arren egitura horiek malgutasuna, erresistentzia eta egonkortasun horizontal nahiz bertikala ematen diote eraikinari.