domingo, 24 de febrero de 2013

DUPLI ETXEA


Dupli etxea Alemanian kokatua dagoen erresidentzia da, minimalista estilokoa. Etxe honen berezitasuna, gero azalduko den bezala,  bertan zegoen etxe zaharraren eta berri honen arteko lotura da.


Kokalekua:
Dupli etxea, J. Mayer H. Arkitektoek diseinatua, etxebizitza pribatua da eta  Neckar ibaiaren ondoan dago.  Ludwigsburgeko malda batean dago, Mendebaldeko Alemanian kokaturiko Marbach hiriaren ondoan eta bista ikusgarriak ikus daitezke bertatik.

Sorrera (nola eta zergatik):  
Dupli etxea eraikitzeko lursail berdinean lehenago zegoen etxe zaharraren oinarria hartu zen erreferentziaz. Aurreko etxea 1984an eraiki zen.  


Helburua etxe zaharra handitzea zen, gaur egun herrialde askotan gertatzen den bezala, garai batean ere familia handitzen zihoan heinean etxea ere handitu egin ohi baitzuten, eta horrela, senitartekoak beste herri edota etxe barea joan beharrean familiako arbasoen etxean gelditzen ziren. Aurreko etxea erreformatzearen ondorioz Dupli etxeak etxe zaharraren ezaugarri batzuk geratu zaizkio: luxu eta lasaitasun atmosfera bat, besteak beste.

Berreraikuntza hau egiteko 1984ko etxearen oinarria hartu eta 225 graduko bira eman zioten arkitektoek, horrela, bi egitura berdin geratu ziren bata bestearen gainean 225 graduko angelua sortuz. Ondoren, goiko oinarria moldatu egin zuten, horma batzuk kanpora zabaldu eta beste batzuk barrura bultzatu zituzten, forma antzeko baina desberdin eta originala eginez. Bi oinarrien arteko lotura egiteko erdiko pisua sortu zuten. 

Horrela, bi etxeen historia elkartu, lotu, bikoiztu, igo eta okertu egiten dira jardinaren mailarekiko mugimendu birakor batean.  Horren adibide dira kanpoko horma eskulturalak, barruan ere jarduten dutenak eta etxearen organizazioaren zati direnak. Horma horiek etxearen funtzio desberdinak sortu eta zatitzen dituzte.  
  
Espazio banaketa:
Dupli etxeak hiru solairu ditu. 
 


Etxearen sarrera erdiko solairuan kokatuta dago. Bertan, sukaldea, jangela eta bi egongela daude: bat handia eta bestea txikia. 
Goiko solairuan logelak, gonbidatuentzako gela eta ikasgela daude. 
Beheko solairuan barruko igerilekua eta beste bi gela daude, aisialdirako gelak direnak.

Deskripzio orokorra: 
Profil bihurgunetsua duen etxea da, eta arkitekturak inguruneari moldatzeko eta naturaren edertasunari zukua ateratzeko duen gaitasunaren froga da. Gainera, batasunaren eta jariakortasunaren adibide da, barruaren eta kanpoaren loturaren jabe.

Kanpoaldetik ikusita, hiru solairuek irudi sinpatikoa ematen dute, baina era berean, erakargarria. Oso eraikin berezia da, gelak eta espazioak definitzeko kurbatzen diren marrekin.
  
Etxearen espazio orokorrak kanpoaren eta barruaren loturak definitzen ditu eta emaitza sabaitik lurrerako azal leuna da.

Kanpoaldea: 
Kanpoko igerilekuak, inguruan duen gainazal zuriarekin batera, etxearen isla perfektua erakusten du. Horretaz gain, barruko igerilekua eta zelai bat ditu etxeak, azken horrek haurrentzako zabalgunea eta masajeentzako gela ditu.

Barrualdea: 
Espazio izugarriekin eta kolore zuri akatsgabearekin kanpoaldeko armonia eta jariakortasun sentsazioa helarazten du. Kanpoaldeko bistak harrigarriak dira, lurralde izugarriak, irekigune handietatik begiratuz, airean flotatzearen sentsazioa ematen baitigu. 


Azkeneko solairuan logelak etxearen bihotzetik ateratzen dira. Solairu horretan leihoak inguruko paisaia eta eraikinak ikusteko moduan daude jarriak.

 Erdiko solairua zabalgune publikoa izateko dago diseinatua, hall handi batek eta leiho panoramiko handiek antzoki itxura ematen diote. Bai kanpoaldea eta baita barrualdea ere oso modernoak dira, batzuen ustez futuristak.

Laburbilduz: 
Asko gustatu zait etxe hau modernoa eta inguruarekin bat datorren forma bitxi bezain erakargarriak edukitzeaz gain, horren atzetik ideia eta arrazoi nabarmen bat duelako (225º-en biraketa). Horretaz gain, nire atentzioa erakarri du etxe osoaren jarraitutasunak, espazio jarraiak sortzen dituzte hormek osatuak. Etxeak dauzkan zuritasuna eta argitasuna ere asko gustatu zaizkit.



No hay comentarios:

Publicar un comentario