Nik aukeratu dudan tokia Errenterian
(Gipuzkoa) dagoen Arramendi mendiaren gailurra da. Arramendiren iparraldera, ekialdera
eta mendebaldera herria kokatzen da eta hegoaldera, aldiz, A-8 autopista. Nahiz
eta gizakiak bereganatutako lurraldeez inguratuta egon, Arramendi oso toki
lasaia da, herriaren bihotzean zerurantz igotzen den mendia baita.
Errenteriako
azken etxeekin basoak egiten du muga, mendi guztia zuhaitzez inguratuta baitago.
Gailurrean, berriz, ez dago ia zuhaitzik; belardia da, ia laua.
Aukeratutako
lur eremua gailurrean dagoenez, laua da ere eta mendebaldean dauden hiru
zuhaitzez gain, beste guztia belardia da. Arramendiko gotorlekua ere ekialdean
aurkitzen da. Azkeneko Gerra Karlistan, 1872-1876
urteen bitartean, martxan zegoen gotorleku liberala zen, baina gaur egun bere
arrastoak bakarrik gelditzen dira. Foso batez inguratuta dagoen erdi eroritako
harrizko horma bat da gotorleku horren aztarna, landaretzak beregain hartua.
Lur eremuaren gainontzeko mugak handik pasatzen den bidegorriak markatzen ditu.
Gure
lur eremutik ikuspegi ederra dago: ekialdean Aiako Harriak mendia eta Oiartzun
herria bere magalean; hegoaldean Errenteriako zati diren mendiak (Urdaburu eta
Txoritokieta, esaterako) eta San Markos mendia bere gotorlekuarekin;
mendebaldean Errenteriako Beraun, Galtzaraborda, Pontika eta Alaberga auzoak,
eta iparraldean Jaizkibel mendia, Pasaiako portua, bertan itsasoratzen den
Oiartzun ibaia eta Errenteriaren zati diren erdigunea, Olibeteko dorreak,
Iztietako auzoa eta etengabe kea botatzen ari den papelera.
Hona
hemen tokiko errealitateak:
Sozialak:
Arramendiko kaskora igotzen den jendea herrikoa izaten da gehienbat: txakurrak paseatzera
doan jende bakartia, zirriak egitera doazen bikoteak, lagunekin naturan
argazkiak atera nahi dituzten hiritarrak, gurasoengandik hanka eginez ezkutuan
erretzera doazen nerabe taldeak, paseotxoak ematen dituzten hirugarren
adinekoak edota herriko mugimendu, estres eta kezketatik ihesi dabiltzan
gizabanakoak. Udaran San Juan Sua egiten da bertan: su izugarria piztu eta
jende pila biltzen da. Neguan, ordea, elurra egiten duen egunetan haur txikiak
eta nerabeak egon ohi dira trineo, plastiko poltsa edota skate taula
hondatuekin elurretan irrist egin nahian.
Ingurugiroarekikoak:
ekialdean hiru zuhaitz eta Arramendiko gotorlekuaren aztarnak. Ipar, mendebalde
eta hegoaldean bidegorriaz inguratuta. Eremuan bertan zelaia dago, ia ez du
maldarik.
Sentsitiboak:
Herriaren erdian zaudenaren sentsazio da, inguru guztian, hegoaldera izan ezik
(hegoaldean mendia ikusten da), Errenteria ikusten baita, baina era berean
naturan murgilduta. Askatasuna, lasaitasuna, bakea dira sentsazio nabarmenenak.
Klimatikoak:
Mendiaren gailurrean dagoenez, eguzkiak uneoro ematen du, baina ez du babesik
haizearen aurka.
Esperientziak:
Nik bertan izandako esperientziak ugariak dira, bai haur eta baita gazte
nintzenekoak: lagunekin plastikozko poltsekin elurretan jolasten eta gerrak
egiten, azterketetarako ikasten, lagunekin egonean egoten, bikotearekin
belarrean etzanda eta neure buruarekin bakarrik egon nahi nuen egunetan musika
jarri eta bueltatxoak ematen, esaterako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario